top of page

SOINUA

Ikuspegi fisikotik, soinua da ingurune elastiko batean hedatzen den gorputz batek sortutako bibrazioa. Bibrazioak ingurunean uhin eran hedatzen dira. 

Soinua sortzeko beharrezkoa da:

Igorle edo gorputz bibratzaile bat.

Ingurune elastiko bat (solidoa, likidoa edo gaseosoa) bibrazioak hedatzeko.

Hartzaile bat bibrazioak atzemateko.

SOINUAREN EZAUGARRIAK

Soinuak era askotakoak izan daitezke: altuak, baxuak, atseginak, desatseginak, kirrinkariak...

Soinuak  ezaugarri hauei esker bereiz daitezke:

Intentsitatea

Gitarra baten soka bibraraztean soinua entzuten dugu, baina, soka bera indar handiagorekin bibrarazten badugu, energia gehiago izango du sortutako uhinak, ondorioz, soinu berdina entzungo dugu, baina, intentsitate handiagoan.

Telebista edo irratiaren bolumena handitzen dugunean, azken finean, soinuaren intentsitatea handitzen ari gara. Bolumena handitzean uhinak energia gehiago garraiatzen duenez guk soinua ozenago entzuten dugu.

Intentsitatea uhinak garraiatzen duen energia kantitatea da, eta uhinaren anplitudearen 

araberakoa da. Intentsitatea dezibeliotan neurtzen da (dB).

Tonua

Gitarraren sokak intentsitate berdinarekin jotzen baditugu banan banan, soinuak desberdinak direla nabarituko dugu. Batzuk tonu altukoak dira eta beste batzuk tonu baxukoak. Indar edo intentsitate berarekin jo arren sokak, hauek abiadura desberdinean bibratzen dute, horregatik guk tonalidade desberdinak entzuten ditugu.

Bibrazioen abiadura neurtzeko maiztasuna erabiltzen da; segundu batean gertatzen diren oszilazio kopurua. Honela, bibrazio edo oszilazio kopurua handitzean, maiztasuna handia dela esaten da. Maiztasuna hertzetan neurtzen da (Hz).

Soinuaren tonua bibrazioen maiztasunaren araberakoa da, soinu altuak eta baxuak bereiztea ahalbidetzen digun ezaugarria.

Tinbrea

Intentsitate eta tonu bera duen musika-nota jotzen badugu instrumentu desberdina erabiliz, ez da era berean entzungo. Tresna bakoitzaren soinua desberdintzeko gai gara.

Tinbrea intentsitate eta tonu berdineko bi soinu bereizteko aukera ematen digun soinuaren ezaugarria da.

bottom of page