Landareen nutrizioa
Landareek, izaki bizidun guztiek bezala, nutrizio-funtzioa bete behar dute, hau da, materia organikoa eskuratu behar dute, eta materia organiko horretatik energia lortu .
Landareen nutrizioa autotrofoa eta aerobikoa da.
Nutrizio autotrofoa:
Inguruneko materia ez-organikoa (ura, gatz mineralak eta karbono dioxidoa) xurgatuz behar duten materia organikoa ekoizten dute, fotosintesi-prozesuaren bidez.
Nutrizio aerobikoa:
Oxigenoa erabiltzen dute materia organikotik energia lortzeko, arnasketa-prozesuaren bidez.
Nutrizioan sustraiak, zurtoinak eta hostoek hartzen dute parte. Gauzatzeko prozesu hauek ematen dira:

1.Xurgapena:
Landareek ura eta gatz mineralak hartzen dituzte lurzorutik, sustraietan dituzten ile xurgatzaileen bidez. Ura eta gatzak nahastean, izerdi landugabea izeneko nahastea sortzen da.

2. Garraioa:
Izerdi landugabea garraiatzen da sustraietatik hostoetaraino, garraio-hodietan zehar.

3. Izerditzea:
Hostoetan dauden estoma izeneko poro txikien bidez, ura kanporatzen da, ur lurrun eran, izerdi landugabean soberan zegoen ura, hain zuzen.

4. Fotosintesia:
Hostoetan gertatzen den fotosintesi-prozesuan, eguzkiaren energia erabilita, materia ez-organikoa organiko bihurtzen da, eta horrekin batera oxigenoa sortu. Fotosintesia egiteko, landareek, argia eta materia ez-organikoa behar dute. Horiek honela eskuratzen dituzte:
-
Materia ez-organikoa:
- Ura eta gatz mineralak: izerdi landugabetik.
- Karbono dioxidoa: atmosferatik estomen bidez.
-
Energia: eguzkitik datorren argitik. Horretarako, hostoek klorofila izeneko pigmentuak izaten dituzte. Hauek argi-energia pilatu dezakete.

5. Garraioa:
Izerdi landua (fotosintesian ekoitzitako materia organikoa duen likidoa) landare osoan zehar hedatzen da, garraio-hodietan zehar.

6. Arnasketa:
Arnasketa prozesuaren bidez, landareek bizi-funtzio guztiak betetzeko behar duten energia lortzen dute. Horretarako, estomen bidez, atmosferatik oxigenoa bereganatzen dute. Oxigenoak fotosintesian sortutako materia organikoa, nagusiki glukosa, deskonposatzea lortzen du, energia eta karbono dioxidoa sortuz.